Zientzia eta Teknologiaren Euskal Partzuergoak zuzendaritza batzordea eratu du

- EUSKO JAURLARITZA

Actualizado: martes, 23 julio 2019 12:37

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

Zientzia eta Teknologiaren Euskal Partzuergoak (Basque Research & Technology Alliance, BRTA) zuzendaritza batzordea eratu du astearte honetan, Mendaroko (Gipuzkoa) egoitzan egin duen lehen bileran. Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estibaliz Hernaez Laviña eta BRTAko zuzendari Rikardo Bueno Zabalo izan dira bileraren buru.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren 16 eragile zientifiko teknologikoak daude ordezkatuta partzuergoaren zuzendaritza batzordean, hau da, ikerkuntza kolaboratiboaren lau zentro -CIC Biogune, CIC Nanogune, CIC Biomagune eta CIC Energigune- eta 12 zentro teknologiko -Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker eta Vicometch. Eragile zientifiko teknologikoez gain, Eusko Jaurlaritza batzordeko kide da.

Halaber, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Partzuergoarentzat plan estrategiko baten elaborazioa adostu da bileran, eta 2030ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko oinarri estrategiko eta ekonomikoak aurkeztu dira.

Ekainean egin zen BRTAren biltzarraren ostean ezagutzera eman zen moduan, partzuergo berritik zenbait jarduketa esparrutan lan egingo da. Alde batetik, partzuergoko kide diren zentroen zientzia eta teknologia gaitasunak artikulatuko ditu. Gainera, ikerkuntza esparruko langileen karrera planetan ildo komunen bitartez, eragileen talentuaren garapena, giltzarri diren ikertzaileen kontratazioa eta jardunbide egokien identifikazioa eta elkartrukea koordinatuko ditu.

Partzuergoaren beste funtzioetako bat izango da ezagutzaren transferentziarekin erlazionatutakoa: partzuergoko eragileak babestu eta sustatuko ditu merkatu berrien irekieran, euskal zientzia eta teknologien koordinazioa Ikerkuntzaren Europako Espazioan, eta enpresa sektorea teknologiaren transferentziaren sustapen eta garapenean. Gainera, euskal gizartean partzuergoaren markaren kudeaketaren inguruan eta zientzia eta teknologiaren promozio eta dibulgazioaren inguruan modu koordinatuan jardun dadin arduratuko da.

EKONOMIA ETA FINANTZA

Ekonomia eta finantza jarduerari dagokionez, amankomuneko jarduketa sustatuko du eta eztabaidarako eta koordinaziorako foroa izango da, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eragileen finantzazioari dagokionez. Azkenik, bere jarduketa esparruetan edo bestelako interes komunen esparruetan partzuergoko zentroen I+G+B arloarentzat laguntza zerbitzuak eskainiko ditu.

Gobernu organoa biltzar nagusi batek osatuko dute, presidentetza eta presidenteordetzarekin. Gainera, zuzendaritza batzordea eta zuzendaritza nagusi bat izango dira, bai eta batzorde zientifiko teknologiko batek eta industria batzorde batek ordezkaturiko bi aholkularitza organo ere.

Biltzar nagusia partzuergoko gobernuko organo gorena izango da; eragile guztiak ordezkatuta egongo dira bertan, eta partzuergoaren finantzaziorako egindako urteko ekarpenaren araberakoa izango da ordezkarirtza. Gehienez bi urteren buruan, BRTAk ospe ezaguneko adituek osatutako nazioarteko adituen aholkularitza batzorde bat izango du.