'Zinema eta Zientzia' zikloak "dilema zientifiko sakonetan murgiltzea" proposatuko du hamar filmen bidez

'Zinema Eta Zientzia' Zikloaren Zazpigarren Edizioa Aurkeztu Dute.
IREKIA
Actualizado: miércoles, 10 enero 2024 13:38

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

'Zinema eta Zientzia' zikloaren zazpigarren edizioa ospatuko da urtarriletik martxora bitarte Gasteizen (Artium), Donostian (Tabakalera), Bilbon (Bizkaia Aretoa), Iruñean (Golem Baiona) eta Donibane Lohitzunen (Le Select), eta "dilema zientifiko sakonenetan murgiltzea" proposatuko du hamar film proiektatuz. Gainera, filmen ikus-entzuleek nazioarteko ospea duten 20 bat zientzialarirekin eztabaidatu ahal izango dute askotariko gaiak hizpide hartuta, hala nola bonba atomikoa, adimen artifiziala eta biztanleriaren zahartzea.

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Donostia Zinemaldiak elkarrekin antolatu dute zikloa, eta asteazken honetan aurkezpen agerraldia egin dute Donostian Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak, Ricardo Diez Muiño DIPCko zuzendariak, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuak.

Orobat, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariko eta Beatriz Herraez Artium museoko zuzendariak ere parte hartu dute ekitaldian.

Bada, zikloaren helburua da kultura zinematografikoa eta zientifikoa zabaltzea dela azaldu dute. Fernandezen esanetan, zikloaren zazpigarren edizioan maiz hitz egingo da zientzia komunitateek "inguruabar historiko eta geografiko oso jakinetan" planteatzen dituzten "dilema eta borrokei buruz".

"Robert Oppenheimer, Hedy Lamarr, Ignaz Semmelweis eta halako izenak bildu ditugu ziklo honetan, eta zinema klasikoa, garaikidea, fikziozkoa, ez-fikziozkoa eta animaziozkoa uztartu ditugu. Hautaketa irizpideari dagokionez, kalitate zinematografikoa lehenetsi da beti, eta, horretaz gainera, filmek ikuspegi zientifikotik irakurketa bat egiteko aukera eskaintzea", zehaztu du.

Diez Muiñok, berriz, zikloaren ospea nabarmendu du: "Handitu eta handitu ari da. Aurten mundu zabaleko pantailetan eman dute Robert Oppenheimer fisikariaren bizitza liluragarria. Hori aprobetxaturik, erakutsi nahi dugu askotariko ikuspegietatik plantea daitekeela zinemaren eta zientziaren arteko elkarrizketa, eta guztiak direla erakargarriak eta aberasgarriak. Ziklo honek ederki erakusten du zeinen konplexua eta ederra den zinemaren eta zientziaren arteko harremana, zein baino zein sormen handiagokoak".

Era berean, Zupiriak adierazi du "auzolanean eta lankidetzan" osatzen den zikloa dela 'Zinema eta Zientzia'. "Gure kulturaren ekosisteman lankidetza errotuta dago eta lankidetza horretatik proiektu interesgarri asko ateratzen dira, balio berriak eta ezagutza berriak sortzen dituztenak, tartean, gaur aurkezten dugun ziklo hau. Hitzordu honek, edo hobeto esanda, zientzia eta zinearekin lotutako hitzordu hauek, aukera ematen digute gure jakinmina asetzeko edo agian, nork daki, jakinmin handiagoa pizteko", esan du.

Bestalde, Bildarratzek ziurtatu du du zikloa bat datorrela Hezkuntza Sailaren helburu nagusienetako batekin, hau da, zientzia dibulgazioarekin. Ildo horretan, ezagutza zientifikoa zabaldu eta zientzialarien lana ezagutarazteko sailak urtero bultzatzen dituen hainbat ekimen aipatu ditu, hala nola Passion for Knowledge jaialdia edo Naukas, Ciencia Show, Zientzia Kalean eta Zientzia Ikasgelan programak.

FILMAK

Zikloa ostegunean hasiko da, urtarrilaren 11n, 'Oppenheimer' (Christopher Nolan, 2023) filma emanez Gasteizen eta Donostian. Bonba atomikoaren sorreraren historia kontatzen du, bai eta aurkikuntza horrek eragin zituen dilemak ere. Pedro Miguel Etxenike fisikariak eta DIPCko presidenteak aurkeztuko du filma Tabakaleran (ostegunean), Bilbon (urtarrilak 13) eta Iruñean (urtarrilak 16). Gainera, hitzaldia eskainiko du proiekzioen aurretik (18:00etan); proiekzioak ohiko ordutegian izango dira (19:00etan).

Bestalde, 'Semmelweis' (Andre de Toth, 1940) filmak Ignaz Semmelweis medikuaren figura nabarmentzen du. Sendagilea prozedura antiseptikoen aitzindaria izan zen, eta hortzak erakutsi zizkion XIX. mendearen erdialdeko komunitate medikoari, erditu ondoren hiltzen ziren emakume askoren bizitza salbatzeko.

'Plan 75' (Chie Hayakawa, 2022) filma Canneseko zinemaldian eman zuten orain bi urte, eta gizartea zahartzearen auzia jorratzen du, eta 'Bombshell: la historia de Hedy Lamarr' (Alexandra Dean, 2017) filmak, berriz, Hollywood klasikoko antzezlearen historia kontatzen du: ezkutuan geratu zen Lamarrek ikertzaile gisa eginiko lana, nahiz eta bera izan zen distantzia luzeetako haririk gabeko komunikazioaren aitzindari.

Gainera, zikloak bi klasiko ere proiektatuko dira: batetik, 'Memorias de África' (Sydney Pollack, 1985), Meryl Streep eta Robert Redford protagonista dituen filma, basa bizitzaren handitasuna erakusten duena; bestetik, 'Baby hezten' (Howard Hawks, 1938), Katharine Hepburn eta Cary Grant aktoreek antzeztutako komedia.

Halaber, Vicente Arandak 1986an pantaila handira eraman zuen 'Tiempo de silencio' Luis Martin-Santos idazle eta medikuaren obra klasikoa ere proiektatuko da, 2024an 100 urte beteko baitira Martin-Santos jaio zela.

'Ekaitz perfektua' (Wolfgang Petersen, 2000) aukera aproposa izango da meteorologiaz hitz egiteko, eta 'Mars Express' (Jeremie Perin, 2023) animaziozko filma, berriz, adimen artifizialari buruz aritzeko. Azkenik, gai hori bera jorratzen da 'Zinema eta Zientzia' zikloaren aurtengo edizioa itxiko duen filmean ere, hau da, Werner Herzog zinemagile alemanaren 'Theater of Thought' (2022) obran.

Programa osorik emango dute Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean; Donibane Lohitzunen, berriz, 'La vie du Dr. Semmelweis', 'Out of Africa', 'Mars Express', 'L'Imposible Mr. Bébé' eta 'Oppenheimer' ikusi ahal izango dira.

ZIENTZIALARIAK

Filmak aurkezten eta solasaldietan izango diren zientzialarien artean daude, besteak beste, Javier Aizpurua DIPCko eta Ikerbasqueko fisikaria, Itziar Alkorta EHUko biokimikaria, Amaia Bernaras Euskadiko Parke Teknologikoko ingeniari informatikoa, Igor Campillo Euskampuseko eta DIPCko fisikaria, Fernando Cossio EHUko eta Ikerbasqueko kimikaria, Pedro Miguel Etxenike eta Aitzol Garcia Etxarri DIPCko eta Ikerbasqueko fisikaria.

Halaber, Maia Garcia-Vergniory DIPCko eta Max Planck Institute for Chemical Physics of Solids-eko fisikaria, Miguel Angel Goenaga Donostia Unibertsitate Ospitaleko medikua, Mari Luz Guenaga Deustuko Unibertsitateko ingeniari informatikoa, Ane Insausti Mubil Fundazioko-Gipuzkoako Foru Aldundiko telekomunikazio ingeniaria, Ignacio Lopez-Goñi Nafarroako Unibertsitateko mikrobiologoa eta Maialen Martija Euskalmet/Tecnaliako fisikariak ere parte hartuko dute.

Gainera, Idoia Mujika EHUko CFM CSIC Materialen Fisika Zentroko kimikaria, Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko eta DIPCko biologoa, Onintze Salazar Euskalmet/Tecnaliako fisikaria, Itziar Vergara Biogipuzkoako medikua, Rafael Yuste Columbia University-ko neurobiologoa, Didier Roux L'Academie des Sciences et des Technologies-eko fisikari eta kimikaria eta Ricardo Diez Muiño ere daude zikloan esku hartuko duten zientzialarien zerrendan.

BESTE JARDUERAK

Bestalde, 'Zinema eta Zientzia' zikloaren baitan, ikastetxeei zuzendutako goizeko saioak izango dira Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Saiootan, 'Mars Express' proiektatuko da euskarazko azpitituluekin, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hitz ikerketa taldeko Rodrigo Agerri eta Izaskun Etxeberriak aurkeztuko dute.

Emanaldietarako sarrerak sarean eta leihatiletan erosi ahalko dira: Tabakaleran, Artium Museoan, Arte Ederren Bilboko Museoan (saioak Bizkaia Aretoan izango dira, pinakotekan obrak egiten ari baitira) eta Le Sélect eta Golem-Baiona zinema aretoetan. Txartelek 3,50 eta 6 euro bitarte balioko dute (deskontuak sartu gabe).

Leer más acerca de: