Zuntz optiko publiko komunitarioa zabaldu da Zaratamon

Zaratamoko Udaleko, Udalbiltzako eta Ehkom-eko arduradunak
UDALBILTZA
Actualizado: miércoles, 29 marzo 2023 13:06

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

Zuntz optikoko azpiegitura publiko komunitarioa martxan dago Zaratamon (Bizkaia), udalak eta Udalbiltzak sustatutako Ehkom operadoreak telekomunikazioen azpiegitura librea hedatzeko obra egin ondoren.

Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak, Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariak eta Beñat Azkargorta Ehkom-eko koordinatzaileak egitasmoaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Ugarrizak adierazi duenez, "Alkatetzara heldu nintzenetik, lehenengo momentutik ikusi nuen telekomunikazioen alorrean gabezia handiak zeudela. Egun, telekomunikazioak funtsezko tresna diren unean, Zaratamon guztiok ez genuen informatzeko eta komunikatzeko aukera bera".

Bada, arazo horri erantzun egokia emateko, arrakala digitalari aurre egiteko erabakia hartu zuen Zaratamoko udalak, eta lanketa horren ondorio da zuntz optikoko azpiegitura. "Jarri dugun zuntz optiko hori sare irekia da, era unibertsalean jende guztiari parte hartzeko aukera ematen diona, bazterkeria eta diskriminaziorik gabe. Funtsean, komunikatzeko eta informatzeko guztiok dugun eskubide unibertsala babesten ahalegindu gara", azpimarratu du.

Bestalde, Udalbiltzak Ehkom bezalako proiektuak garatzeko arrazoiak azaldu ditu Asurmendik: "Udalbiltzan burujabetza iparrorratz duten hainbat lan ildo ditugu, eta horietako bat da teknologia burujabetza, zeinaren baitan telekomunikazio burujabetza dagoen".

Egun herritarrek internet sarea ia denerako erabiltzen duten heinean, eta nazioarteko erakunde ezberdinek ere oinarrizko zerbitzua dela onartzen duten heinean, Udalbiltzatik jendearen esku jarri beharko litzatekeen zerbitzu gisa ulertu beharko litzatekeela defendatu du Asurmendik, eta baliabideak demokratizatu.

Amaitzeko, Azkargorta arlo teknikoaz eta Zaratamoko sarearen kudeaketaz aritu da. Azaldu duienez, "Zaratamon hedatu dugun GPON zuntz optiko sarea multioperadore izateko prestatu dugu, herritarrek zerbitzua nahiago duten operadorearekin jaso dezaten, prezioaren, arreta zerbitzuaren, euskararen edo beste edozein irizpideren arabera".

Zuntza jada botata eta erabilgarri dagoen arren, aurrerantzean Ehkom izango da horren mantenuaz eta kudeaketaz arduratuko dena. "Irabazi asmorik gabeko kooperatiba izanik, gainera, Ehkom-ek ez du etekin ekonomikoen araberako kudeaketa egingo, mantenurako baliabideak komunitatearen beharren arabera erabili baizik", gaineratu du.