Euskararen inguruko eginkizunek hizkuntza ez dakitenen "konplizitatea" behar dutela dio Zupiriak

Bingen Zupiria, Legebiltzarrean
EUSKO LEGEBILTZARRA - Archivo
Actualizado: lunes, 26 noviembre 2018 13:15

Durangoko Azoka gaur egun jaialdi bat dela nabarmendu du, baina "oasi bat" ere dela gogoratu, "bere alde onekin eta txarrekin"

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak astelehen honetan adierazi du euskararen inguruan egin behar diren eginkizun guztiek "euskararik ez dakitenen konplizitatea" behar dutela, eta "oso exijente" baina baita "pazient" izateko deia egin die euskaldunei.

ETB1en egindako eta Europa Press berri agentziak jasotako elkarrizketa batean, Zupiriak esan du "oso konplexua den" gizarte batean bizi garela eta gaur egun "gizarte eraldaketa oso potolo bat" ematen ari dela. Horrela, euskara erdian jartzeak eta gero eta funtzio gehiago izateak "zailtasunak" dituela aitortu du, baina, "perspektiban ikusita", arlo batzuetan hori lortzen ari dela ziurtatu du.

"Orduan, uste dut oso exijenteak izan behar garela, baina baita pazientak izan behar garela ere, eta lortu behar dugula euskararik ez dakien gizatalde horren konplizitatea. Hori hezkuntzaren munduan gertatu da: guraso askok, euskararik jakin gabe, beren seme-alabak matrikulatu dituzte euskarazko ereduetan, eta beren seme-alabei ezin zieten euskaraz etxeko lanak egiten lagundu. Hori gertatu da gizarte honetan, eta uste dut horrek bide bat markatzen digula, exijentzia, konplizitatea eta pazientzia kudeatuz", azaldu du.

Era berean, bere ustez, Euskaraldiak planteatzen duen erronka ondo atera dadin, "behar beharrezkoak" dira "belarriprestak" eta haien funtzioa, eta "ahobiziek" erronka handia dute horren aurrean, "ze animatu behar dugu euskara gutxi dakien jendea euskaraz hitz egitera".

Ildo horretan, "ahobizi" rola dutenak "askoz ere arrazoizkoagoak" izan behar direla adierazi du, "zeren eta, askotan, askok asperdura bezala hartzen dugu euskaldun berri bat euskaraz hizketan hasten zaigunean".

"Gero joera daukagu mundu guztia zuzentzeko, hizkuntzaren polizia batzuk bezala gara: ze gaizki hitz egiten duten batzuk eta besteok ze ondo egiten dugun. Bada, 'belarriprestek' ezartzen digute eginkizun hori, eta helburua bada euskara gehiago entzutea, 'ahobiziok' izan behar dugu oso aktiboak, baina baita oso lagunkoiak eta laguntzaileak ere", azaldu du.

Halaber, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi du Euskaraldiak dagoeneko bi gauza utzi dituela. Alde batetik, beti kolaborazioa izan den arren, nabarmendu du "elkarri bizkarra emanda bizi izan garen euskaltzaleak elkarrekin lanean hasi" direla erakundeetan eta gizartean.

Beste alde batetik, bere iritziz, Euskaraldiak jada egin duen bigarren ekarpena da kanpainaren ondorioz 200.000 pertsonak hartu dutela erabaki bat "oso konplikatua" dena: "Denok ezagutzen dugu gure gizartea. Kaletik goazenean eta norbait hurbiltzen zaigunean txapa bat eskaintzen eta firma bat eskatzen, edo gonbidatzen gaituztenean kalean dagoen mahai batera hurbiltzeko zerbait firmatzera, gehienok 'buf' egiten dugu".

Bada, bere hitzetan, "erresistentzia hori gaindituta", nabarmendu du 200.000 euskaltzalek pauso bat eman dutela eta beren izena erregistratu dutela kalean zeuden mahaietan edo Internetera sartu eta Euskaraldiko web orriaren bitartez. "Beraz, norbanakoen konpromiso bat dago, eta uste dut gauza hauek oinarri sendoak direla pauso berriak emateko", gaineratu du.

Gainera, Euskaraldiak izan duen dohainetako bat "euskararen zentralitatea" izan dela azpimarratu du: "Gure gizartearen toki, puntu eta egoera askotan euskara ez dago presente, eta Euskaraldiari buruz hitz egiteak zentralitate bat eman dio euskararebn diskurtsoari toki eta eremu askotan".

DURANGOKO AZOKA

Bestalde, Bingen Zupiriak ziurtatu du Durangoko Azoka jada ez dela bakarrik liburu eta disko azoka bat, baizik eta gaur egun jaialdi bat dela, "garrantzi handia" hartu eta "egokitzen jakin" duela, "aurrerapausoak" emanez eta, liburuak eta diskoak erakustearekin batera, inguruan jarduera kultural garrantzitsuak sortuz, besteak beste, musika eta ikus-entzunezko emanaldiak edota beste era askotako kultur gertakizunak.

Edonola ere, Durangoko Azoka "oasi bat" dela gogoratu du, eta horrek "bere alde onak eta bere alde txarrak" dituela adierazi du: "Oasi bezala duen indargunea da basamortu baten erdian aire freskoa eta ura edateko toki bat aurkitzen dugula euskaldunok. Ahulgunea izango litzateke gero denbora askoan zehar basamortuan gaudela, eta, beraz, basamortu horri lagundu beharko diogu loratzen eta berdetzen".

Ildo horretan, euskaraz sortutako kulturak ere "arnasguneak" behar dituela nabarmendu du, "hizkuntzak bezala", bai eta "publikoarengana iristeko baliabideak" ere. Horrela, aitortu du gaur egun kulturaren kontsumoak "oso konplikatua" direla hizkuntza guztietan, "batzuetan beste batzuetan baino gehiago", eta deitoratu du "halako hoztasun bat" ikusten dela herritar askoren aldetik kultur kontsumoetara hurbiltzeko eta kultura praktikatzeko.

"Gure artean zailtasun hori are handiagoa da, eta behar beharrezkoa da eskutik joatea erakundeak eta kultur sorkuntzaren inguruko eragile eta arduradunak, eta ikusi zein modutan eragin dezakegun kultur sorkuntza eskuragarriago egon dadin eta kontsumo handiagoak izan ditzan", esan du.